Euskadiko bazterrik harrigarrienak 72 ordutan

2020-09-28

Urriaren 12ko zubia

Urriaren 12ko zubia heltzear dago, eta sekula baino gogo handiagoa dugu primeran pasatzeko eta deskonektatzeko. Erronka bat proposatu nahi dizugu: etxetik gertu zenbat gauza egin daitezkeen deskubritzea. Naturaz, abenturaz eta une bikainez betetako 72 ordu biziko dituzu Euskadiko bazterrik harrigarrienean. Hauxe Enkarterri da!

Beheko mapa erabil dezakezu sarrerak klik bakar baten bidez erreserbatzeko.

 

Larunbata, urriak 10

Sua eta burdina

Null

❱ El Pobaleko burdinola, Muskizen.

Gure txangoa XVI. mendeko lehen urteetara eramango gaituen leku liluragarri batean hasiko da. Muskizen, Barbadun ibaiaren arroan, 1504tik bere sugarra pizturik mantendu duen burdinola bat dago: El Pobal. Iltzeak, goldeak, segak, mailuak, heziak eta ezpatak egiten zituzten bertan, besteak beste. Larunbatetan, zur eta lur utziko zaitu errementariak burdinola berriz ere argituko duen erakustaldi batekin.

Burdinak gure historian izan duen garrantziari buruz gehiago jakiteko gogoz geratu bazara, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa (Abanto-Zierbena) nahitaezko geldialdia da. Europako meatze-erreminten bilduma handienetako bat izateaz gain, Kontxa II meategi ikusgarrira zabaltzen da museoa. Gainera, benetako meatzarien herrixka bat bisitatzeko aukera izango dugu (erreserbarekin).

Aztarnategietatik ateratako minerala Kantauri itsasoko zama-lekuetatik garraiatzen zen Europako gainerako herrialdeetara. Euskadiko meatze-barrutirik handiena izan zena Kantauriko itsaslabarretatik abiatzen den pasealekua da gaur egun: Itsaslur. La Arena hondartzaren eta haren itsasaldien ikuspegi bikainak eskaintzen dizkigu.

 

Balmaseda, Bizkaiko lehen hiribildua

Null

❱ Balmasedako Zubi Zaharra, XIII. mendekoa.

Beste aukera bat larunbaterako, El Pobaleko burdinola bisitatu ostean, Bizkaiko herririk zaharrenera joatea da: Balmasedara. Zubi Zaharra zeharkatu bezain pronto, Erdi Aroko kaleetan galtzeko, estilo anitzeko elizak eta jauregiak miresteko eta bertoko gastronomia dastatzeko aukera izango dugu. [Bisita gidatua Balmasedan: erreserba egin!].

Alde zaharretik 2 kilometro baino gutxiagora, XIX. mendeko ehun-lantegi bat aurkituko dugu, gaur egun La Encartada Fabrika Museoa dena. La Encartada bere horretan mantendu da denboran zehar eta 1892an inauguratu zenean bezala dago. Oraindik ere martxan jar daitezkeen jatorrizko makinek, barruko gela eta aretoen garaiko dekorazioarekin batera, Enkarterriko ehun-tradizio ospetsuaren eta gure jantzirik bereizgarrienaren –txapelaren– jatorrietara garamatzate.

 

Igandea, urriak 11

Automobilen tenplua

Null

❱ Loizaga Dorrerako sarrera, Galdamesen.

Sekulako bazter batean ekingo diogu igandeari, munduan parerik ez duena: Europako Rolls-Royce bildumarik handienean. Miguel de la Vía bildumaren ibilgailuak XIII. mendeko gotorleku batean daude, Galdamesko basoen erdian. Loizaga Dorrea ingurune oparo eta xarmagarri batean kokatzen da, kostaldetik eta La Arena hondartzatik oso gertu. Bilduma Europako osoena da, eta 1998ra arte egindako modelo guztiak biltzen ditu. Autoak egoera ezin hobean daude, abiarazteko eta Enkarterriko errepide bihurgunetsuetan ibiltzeko prest. Dorrea igande eta jaiegunetan bisita daiteke, 10:00etatik 15:00etara.

 

Karrantza, mirarien harana

Null

❱ Pozalaguak estalaktita eszentrikoen pilaketarik handiena du munduan.

Errekor, sekulako panoramikaz eta sorpresez beteriko bazterra da Karrantza. Natura beste inon baino ederrago agertzen da Bizkaiko mendebaldeko lur oparoetan dagoen haran honetan. Bere gailur eta basoen azpian leize eta haitzuloz osatutako labirintoa hedatzen da, Armañongo Parke Naturalaren babespean.

Pozalagua Karrantzako erraietan kokaturiko lurpeko katedrala da. Munduko estalaktita eszentrikoen pilaketarik handiena du kobazuloak. Egitura horiek grabitateari aurre egiten diote itxuraz, forma ezinezkoko mosaiko liluragarria osatuz. Kasualitatez aurkitu zuten Pozalagua, bere ingurunetan zegoen harrobian gertatutako leherketa batek mendia zulatu ostean.

Erauzitako minerala Dolomitas del Norte fabrikaraino eramaten zen aireko tranbia sistema baten bidez. Lantegia Industria Ondare izendatutako museoa da gaur egun. Tranbia eskuz mugitzen zuen polea erraldoien sistema ikusteko leku bakarra da Euskadin.

Karrantzako egonaldia amaitzeko, Karpin Fauna babes zentroa bisitatuko dugu. Hemen ingurune seguru batean bizitzeko aukera dute berezko habitatera itzuli ezin diren animaliak, bortizkeria, ezkutuko ehizaren edo abandonuen biktimak. Karpin Faunan iragana (dinosauroen aroa) eta orainaren artean ibiltzeko aukera emango diguten hiru gune aurkituko ditugu. Jurassic Park-en sartzea bezalakoa da! Plan borobila etxeko txikienentzat.

 

Astelehena, urriak 12

Goiz bat Bilbon

Null

❱ Bilboko Guggenheim Museoa.

Asteleheneko goizean, zubiari agur esan aurretik, munduko arte moderno eta garaikideko museorik garrantzitsuenetariko bat ezagutuko dugu: Guggenheim-a. Bilbo hiri kosmopolita, abangoardista eta harrigarria da, sekulako eskaintza kultural eta gastronomikoarekin. Apartako museoak, pintxo-tabernarik onenak, estilo guztietako mugarri arkitektonikoak eta sorpresa ugari aurkituko dituzu Bizkaiko hiriburuan.

Baina oraingo honetan hiriaz era ezberdinean gozatzea proposatu nahi dizuegu... turismo-bus batetik, edo Bilboko itsasadarretik bertatik kanoa, paddle edo itsasontzi batera igota! Bilbok eta Bizkaiak gustu guztietarako 300 plan baino gehiago dituzte zure zain: kostaldea, mendialdea, hiria, gastronomia, ibilbideak eta txangoak, abentura eta askoz gehiago.

Albiste gehiago