Planez plan Euskaditik irten gabe

2021-03-18

Euskadin pasa beharko dugu zubia, baina horrek ez du esan nahi etxetik gertu plan mordoa egin ezin dugunik. Aitaren eguna esperientzia onenekin ospatu nahi dugu, aire zabalean eta aglomeraziorik gabe. Erronka bat proposatzen dizugu: beste inon aurkituko ez dituzun bazterretan barneratzea eta sekulako abenturak bizitzea uste baino askoz hurbilago.

Egun biribila familiarekin

Null

Karrantzako ikuspegia Karpin Faunatik.

Aho zabalik uzten gaituen leku horietako bat da Karrantza, eta ez da hitz egiteko modua: hemen, naturaren itxurazko baretasunaren erdian erdian, panterak, katamotzak, oreinak, kanguruak eta guanakoak zelatan daude, besteak beste. Karpin Fauna basa-faunaren babes-zentroko biztanleak dira. Karpin Fauna ez da zoologikoa, babeslekua baizik. Hemen ingurune seguru batean bizitzeko aukera aurkitzen dute berezko habitatera itzuli ezin diren animaliak (bortizkeria, ezkutuko ehizaren edo abandonuen biktimak ohi direnak). Karpin Fauna aire zabaleko esparru itzel batean dago, mendiaren erdian.

Adrenalina bila bazabiltza (altueretan agian?), zuhaitzetan abenturak izateko Euskadiko parkerik handiena aurkituko duzu Enkarterrin. Sopuerta Abenturak zubi tibetarrak, tirolina-zirkuituak, lianak, ekiteko sareak eta beste sorpresa ugari ditu. Adrenalina eta barreak bat datoz hemen. Familiarekin edo koadrilarekin aparteko eguna igarotzeko plan ezin hobea da. Gainera, menu zoragarri batez gozatu ahal izango duzu parkean bertan dagoen Kikiriki Abentura oilasko-etxean.

Haurrek abentura-gosez jarraitzen badute, Güeñesko Bizkaia Park Abentura nahitaezko geldialdia da. Piraten lurraldean barneratuko dira. Zuhaitzetatik eta itsasargi batetik igoko dira, itsaslapurren sareetatik ihes egingo dute eta egundoko txirristetatik jausiko dira. Bitartean, gurasoek umeek bezain ondo pasako dute kortsarioen tabernan.

 

Ibilaldia K.a. IV. mendera

* Jarraitu ibilbide guztiak Wikiloc-en eskaintzen dizugun doako nabigazio-sistemaren bidez.

Ibiltzea gustuko baduzu, ibilbide erraza baina ezberdina proposatu nahi dizugu zubi honetarako (edo beste edozein egunetarako): K.a. IV. mendera bidaiatzea, Bigarren Burdin Aroko herrixka gotortu batera. Bolunburuko kastroa Kadagua ibaiak babesten duen muino batean dago, Zallan. Kastroko biztanleen eguneroko bizitza nolakoa zen ulertzeko aukera ematen digu multzoak. Gainera, Bolunburu aldeko ingurune ederrez gozatzeko aukera izango dugu, Zalla eta Bizkaiko lehen hiribildua den Balmaseda lotzen dituen bidegorriaren ondoan dagoena.

 

Rolls-Roycen gotorlekua

Null

Loizaga dorrean Europako Rolls-Royce bildumarik handiena dago.

Normalean, Loizaga Dorreak igandeetan bakarrik irekitzen du. Edonola ere, martxoaren 19an, aitaren egunean, bere ateak irekiko ditu Europako Rolls-Royce bilduma handienak. Ibilgailuak XIII. mendeko gotorleku batean daude, Galdamesko basoen erdian, basoz eta mahastiz inguratuta. Bildumak 1998ra arte egindako modelo guztiak biltzen ditu. Autoak egoera ezin hobean daude, abiarazteko eta Enkarterriko errepide bihurgunetsuetan ibiltzeko prest.

 

Aliron: burdinaren jatorrira bidaia

Null

La Arboledako panoramika, Trianoko Mendien bihotzean (argazkia: Basquemountains).

Kondairak dio hemen, Burdin Mendiko meategietan, Athleticen garaipen-oihua jaio zela: Aliron! Meatzariek "all iron" antzeko zerbait oihukatzen zuten burdin hutsa agertzen zenean, ordainsaria jasotzeko asmoz. Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak Europako meatze-bilduma handienetako bat du eta garai hartako oroitzapenak gorde ditu urteetan zehar. Kontxa II meategi ikusgarrira zabaltzen da museoa (leku desegokia da bertigoa dutenentzat). Gainera, benetako meatzarien herrixka bat bisitatzeko aukera izango dugu (erreserbarekin).

Burdina eta Enkarterri bat etorri dira historian zehar. Muskizek pizturik mantendu du El Pobaleko sugarra 1504tik. Gaur egun, 500 urte geroago, burdinolako sugarrak eraikin zaharra argitzen jarraitzen du. El Pobalen iltzeak, goldeak, segak, mailuak, heziak eta ezpatak egiten zituzten, besteak beste. Asteartetik igandera bisitatu ahal da burdinola, baina larunbatetan ikusi beharreko erakustaldi osoa eskaintzen du errementariak zuzenean. Bitxikeria bat: burdinola Filipinetatik ekarritako banbuzko baso exotiko batez inguratuta dago.

 

Janztearen artea

Null

❱ Basque Design Center, Güeñesen.

Oraindik ez duzu Güeñesko Basque Design Center berria ezagutzen? Mercedes de Miguelen Janztearen artea erakusketa ikusgai izango da apirilaren 11ra arte. Erakusketak Bilboko diseinatzailearen bilduma bakoitzeko pieza adierazgarrienak biltzen ditu. Gainera, asteburu oro bisita gidatuak eskainiko ditugu doan. Deitu eta zure ordua erreserbatu besterik ez duzu egin behar.

Muntaia da erakusketaren alderdirik harrigarriena. Soinekoak goiko solairutik halleraino erortzen dira, ur-jauzi moduko efektua sortuz, sekulako ibilbide batean barrena eramaten gaituena. Ez hutsik egin!

Albiste gehiago