Enkarterri partekatu

2018-03-22

Euskadiko bazterrik enigmatikoena ezagut ezazu Aste Santu honetan

Aste Santua hemen eta oraindik ez duzu planik? Gurera etortzen zaren lehenengo aldia da? Zezenak harrapatu zaitu eta etxean geratzea erabaki duzu? Nola edo hala, egun edo oporraldi gogoangarria egingo duzu Euskadiko bazter enigmatiko honetan. Natura betean gaude, Bilbotik oso gertu. Gurean sekulako panoramikak, Erdi Aroko dorretxeak eta zapore sendoak aurkituko dituzu, besteak beste. Hauxe Enkarterri da.

 

Luxuzko Ostegun Santua

Errekorrez beteriko lurraldea da Enkarterri. Loizaga Dorrea berezitasun horren adierazgarri aparta dugu: mendi eta mahastien artean ezkutatutako XIV. mendeko gotorleku honek munduko Rolls-Royce bildumarik handiena gordetzen du. Galdameseko eremu basotsu batean dago, La Arena hondartzatik oso gertu. [Info gehiago]

Muskizen jatea, Kantauriko ur bortitzen soinuarekin, erabaki bikaina eta lasaigarria da betiere. Eguraldiak laguntzen badu, itsas labarren ertzetik bihurka doan Itsaslur pasealekutik ibiltzea derrigorrezkoa da. Urrutian Bizkaiko hareatzarik handiena eta meatze-aztarnak azaltzen dira.

Balmasedara joko dugu iluntzerakoan. Bertan, Bizkaiko lehenengo hiribilduan, Euskadiko Pasio Bizidun xelebreena antzezten da urtero. Gaueko 21:30etan hasten dira Ostegun Santuko ekitaldiak, Jesusen Azken Afariarekin.

 

Ostiral Santua: prozesioak eta txapelak

Balmasedako Pasio Biziduna hunkigarria da gurutziltzaketaren errealismoa eta herritarren parte-hartze masiboari esker. Mundu osotik etorritako lagunak bertaratzen dira Bizkaiko lehenengo hiribildu honetan Kristoren Nekaldia ikusteko. Goizeko 9:30etan hasten da prozesioa.

Arratsaldean, herriak sosegua berreskuratzen bezain pronto, hiribilduan zehar ibiltzeari ekingo diogu. Garai batean bidegurutzea izan zen eta bere kaleetan arkitektura anitza ikusteko aukera izango dugu: elizak, jauregiak, indianoen etxeak edo udaletxea, La mezquita deitu izan dena, inspirazio mudejarreko zutabe patioa baitu kanpoaldean.

Eguna bukatzeko, euskal nortasunaren adierazle den ikurraz mintzatuko gara: txapela. Boinas La Encartada lantegian buru-belarri aritu ziren urteetan zehar ehun-gaiak ekoizteko. La Encartada XIX. mendean inauguratu zen bezala mantentzen da gaur egun. Poleak, uhalak eta ehungailuak oraindik ere martxan dabiltza. Lantegia Kadagua ibaiaren ertzeko paraje eder batean dago. [Info gehiago]

 

Larunbat Santua: Burdinaren Ibilbidea

Baserri bat eraikitzeko 3.000 iltze beharrezkoak zirela ba al zenekien? Hemen egiten zituzten, Muskizeko El Pobaleko burdinolan. Eta beste hainbat objektu ere: goldeak, segak, burdin sareak... edo Erdi Aroko leinu guduetan erabilitako ezpatak ere. 1505 urtetik egon da piztuta burdinolako sugarra. Larunbatetan eguerdiko 12:00etan ikusi beharreko erakustaldi osoa eskaintzen du errementariak zuzenean. [Informazio gehiago]

Arratsaldean, Zierbenako portuko itsaskiaz gozatu ostean, zoratzeko esperientzia proposatu nahi dizugu Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa, Abanto Zierbenan. Concha II meatzeko ikuspegi zirraragarrien aurrean, gaur oroimena baino ez den oinazezko mundu batera garamatza museoak. Iragan horrek izugarrizko panoramikak laga dizkigu eta lurralde honen nortasuna definitu du. [Informazio gehiago]

 

Pazkoa: naturaren zirrara Karrantzan

Natura beste inon bezala azaltzen da Karrantzan, Bizkaiko haran zabalenean. Armañongo Natur Parkeko gailur eta basoen artean ehundaka leize zabaltzen dira. Errekorrez beteriko tokia da Karrantza ere: Pozalagua kobazuloak, Repsol Gidako txokorik onena hautatua 2013an, munduko estalaktita eszentrikoen pilaketarik handiena du. Teknizismo honek grabitate-legeei itxuraz aurre egiten dien ikuskizun itsusgarria eskaintzen du, ikusi modukoa. [Info gehiago]

Karrantzan, naturaren itxurazko baretasunaren erdian, panterak, katamotzak, oreinak, kanguruak eta guanakoak zelatan daude. Karpin Abentura basa faunaren babes zentroko biztanleak dira. Animalia hauek berezko habitatera itzultzeko ezgai dira eta hemen ingurune segurua aurkitzen dute.

 

Albiste gehiago