Karrantza Harana

Enkarterri eskualdeko mendebaldeko muturrean dagoen Karrantza haranak 137,97 km2-ko azalera du eta, ondorioz, Bizkaiko udalerririk zabalena da.

Errekor eta sorpresez beteriko bazterra da Karrantza. Bizkaiko muturrean dago harana, Burgos eta Kantabriako mugaldeko lur oparoetan, eta Armañongo Parke Naturaleko mendi karstikoak ikusmenean daude nonahi. Bere gailur eta basoen artean ehundaka leize zabaltzen dira, Pozalaguakoa barne. Hauetariko askok itzelezko sakontasuna dute eta espeleologoak baino ezin dira barneratu lurzoruan. Hemen dago, esaterako, Europako handiena den La Torca del Carlista.

Natura betean dago Karrantza, Enkarterriko mendebaldeko haranetan. Eskualdeko urruti eta bukolikoenak dira. Karpin Faunak, esaterako, berezko habitatera itzuli ezin diren animaliak hartzen ditu, bizimodu duina izan dezaten eta bisitariak animalien aurkako bortizkeriaz kontzientziatzeko. Panterak, katamotzak, oreinak, kanguruak edo guanakoak zelatan bizi dira naturaren itxurazko baretasunaren erdian. Segurutzat jo dezakegu etxeko txikienek primeran pasako dutela.

Pozalagua kobazuloa herriko bazterrik ezagunena da, 2013an Guía Repsol-eko txokorik onena hautatutakoa. Naturaren zirrara beste inon ez bezala azaltzen da Pozalaguan. Ikuskizun bakarra ezkutatzen du haitzuloak: forma imajinaezinak hartzen dituzten estalaktita eszentrikoen pilaketarik handiena. Formazio hauek grabitate-legeei aurre egiten diete itxuraz eta mosaiko liluragarria osatzen dute. Australian baino ez da ematen halako kontzentraziorik.

Kobazuloaren aurrealdean Armañongo Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa dago. Parketxeak Armañongo eta Ordunte mendietako flora eta faunari buruzko informazioa, erakusketak eta erreprodukzioak ditu. Halaber, inguruko haranak eta paisaiak ikusteko behatoki aparta du. Babes Bereziko Gune izendatutako gailur-multzo honetan Zalama edo Balgerri mendi xelebreak nabarmentzen dira, besteak beste.

Karrantzako loriazko iragana nonahi azaltzen da ibilbidean zehar: indianoen etxeetan, eliza eta baselizetan, jauregietan... San Andrés de Biañez elizako Errenazimenduko margoak halabeharrez aurkitu zituzten, tenplua berritzen ari zirela. Langileek erretaula bat desmuntatu behar izan zuten eta orduantxe XV. mendeko fresko izugarria agertu zen. Kantauriar eskualdeko margolan baliotsuen artean nabarmentzen da eta erreserbarekin bisita daiteke.

Karrantza 49 auzo ditu, ondorengo hamasei kontzeju edota parrokietan biltzen direnak: Ahedo, Aldeacueva, Bernales, Biañez, La Calera del Prado, Lanzas Agudas, Matienzo, Pando, Presa, Ranero, San Ciprian, San Esteban, Sangrices, Santecilla, Sierra eta Soscaño. Haraneko erdiguneko Kontxa auzoan dago udalerriko administrazio-gunea.

Karrantza Harana

¿Quieres saber cómo llegar? Te lo indicamos.