Lau museo Enkarterri hobeto ezagutzeko

2021-03-29

Nola ezagutu nahi gaituzu? Meatze baten korta ikusgarriari begira (bertigorik ez baduzu)? Euskadiko txapel dotoreenak jantzita? Edota luxuzko ibilgailuz betetako Erdi Aroko dorretxe batean? Euskadiko azken aireko tranbiaren helmugan, agian? Enkarterri eta Meatzaldeko historiaren eta tradizioen lekuko diren lau museo bisitatzera gonbidatzen zaitugu. Aste Santu honetan zer egin erabaki ez baduzu, zatoz gurera!

 

Meatzeetako garrasia

MEATZARITZAREN MUSEOA (ABANTO-ZIERBENA)

Null

Kondairak dio hemen, Burdin Mendiko meategietan, Athleticen garaipen-oihua jaio zela: Aliron! Meatzariek "all iron" antzeko zerbait oihukatzen zuten burdin hutsa agertzen zenean, ordainsaria jasotzeko asmoz.

Meategien eta lurraren erraietan bizitza galdu zutenen memoria bizirik mantentzen du Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak. Europako Meatze-tresna eta erreminten bilduma handienetako bat du. Kontxa II meategi ikusgarrira zabaltzen da museoa (leku desegokia da bertigoa dutenentzat). Gainera, benetako meatzarien herrixka bat bisitatzeko aukera izango dugu (erreserbarekin).


Rolls-Roycen gotorlekua

LOIZAGA DORREA (GALDAMES)

Null

Normalean, Loizaga Dorreak igandeetan bakarrik irekitzen du. Baina Aste Santu honetan, Europako Rolls-Royce bildumarik handienak bere ateak zabalduko ditu apirilaren 1ean, 2an eta 5ean ere. Ibilgailuak XIII. mendeko gotorleku batean daude, Galdamesko basoen erdian, basoz eta mahastiz inguratuta. Bildumak 1998ra arte egindako modelo guztiak biltzen ditu. Autoak egoera ezin hobean daude, abiarazteko eta Enkarterriko errepide bihurgunetsuetan ibiltzeko prest.

 

Txapel-fabrika bat (besteak beste)

LA ENCARTADA FABRIKA MUSEOA (BALMASEDA)

Null

La Encartada Fabrika Museoak XIX. mendearen amaierara garamatza. Antzinako langile-kolonia Kadagua ibaiaren ondoan dago, edertasun handiko paraje batean, eta bere horretan mantendu da urteeetan zehar. Fabrikak, langileen etxebizitza zaharrek eta jatorrizko eraikin nagusiak 1892. urtera garamatzate. Urte hartatik gutxira, Euskadiko txapel-fabrika handienetako bat bihurtu zen La Encartada.

Lantegiak 1992an utzi zuen bere jarduera, eta 2007an berriro ireki zituen ateak, museo bihurtuta. Jatorrizko makina sofistikatuak lehen egunean bezala funtzionatzen du oraindik ere; horrek, garaiko dekorazioarekin batera, filmaketa ugariren agertoki bihurtu du La Encartada. Ordubete inguru irauten du bisitak, eta 6 lagun baino gutxiagoko taldeetan egiten da.


Azken aireko tranbia

DOLOMITAS MUSEOA (KARRANTZA)

Null

Labe garairik gabe, Pozalagua kobazuloak misterioa izaten jarraituko luke agian. Karrantzako kobazuloa munduko estalaktita eszentrikoen pilaketarik handiena izateagatik ezaguna da. Kasualitate hutsez aurkitu zuten, inguruko harrobi batean gertatutako leherketa batek mendian zulo bat ireki ondoren. Meategi hartatik ateratako minerala aireko tranbia-sistema baten bidez eramaten zuten Dolomitas lantegiraino. Antzinako fabrika industr-aondare izendatutako museoa da gaur egun. Aireko tranbia eskuz mugitzen zuen polea erraldoien sistema ikusteko leku bakarra da Euskadin.

Dolomia, besteak beste, galdategi handietako labe garaiak estaltzen zituzten adreilu erregogorrak egiteko erabiltzen zen. Adreilu normalak labeetako tenperatura altuekin urtzen ziren, baina dolomiaz egindakoak tenperatura oso altuak jasan zitzaketen, behar bezala tratatuz gero.

____________

Planez betetako Aste Santua

Albiste gehiago