Karrantza, mirarien harana

2020-07-22

Errekorrez, sekulako panoramikaz eta sorpresez beteriko bazterra da Karrantza. Natura beste inon baino ederrago agertzen da Burgos eta Kantabriako mugaldeko lur oparoetan dagoen haran honetan, Bizkaiko mendebaldeko muturrean. Bere gailur eta basoen azpian leize eta haitzuloz osatutako labirintoa hedatzen da, Armañongo Parke Naturalaren babespean.

Baina, naturaren oparotasuna ez ezik, izugarrizko ondarea aurkituko duzu Karrantzan. Udalerria indianoek eraikitako luxuzko etxez josita dago. Baita elizez ere: hogei tenplu baino gehiago ditu Karrantzak. Bazenekien Aldeacueva auzoan, natura betean, Mexikoko San Miguel katedralaren erreplika eraikitzen saiatu zirela garai batean? Mirarien haran honetako txokoak eta istorio ziragarriak ezagutzera gonbidatu nahi zaitugu.

 

Lurpeko katedrala

Null

Pozalagua Karrantzako lurpeko katedrala da, naturak eskaintzen digun opari hutsa. Armañongo Parke Naturalaren erdialdean dago eta munduko estalaktita eszentrikoen pilaketarik handiena koroatzen du bere barnealdea. Egitura horiek grabitateari aurre egiten diote itxuraz, forma ezinezkoko mosaiko liluragarria osatuz. Gainera, 13 ºC-ko barne-tenperatura du haitzuloak urte osoan zehar. Babesleku bikaina da sargori egunetan.

Kasualitatez aurkitu zuten Pozalagua, kobazuloaren ingurunetan zegoen harrobian gertatutako leherketa baten ondorioz. Antzinako harrobia egundoko anfiteatroa da gaur. Kontzertuak eta bestelako jarduerak antolatzen dira bertan, aire zabalean. Abuztuaren 7an, 21:30ean, doan eskainiko da euskal dantza eta musikari buruzko Harria ikuskizuna, Iñaki Perurenaren zuzendaritzapean. [Sarrera guztiak agortu dira]

Azken aireko tranbia

Null

Labe garairik gabe, Pozalagua kobazuloak misterio ezezaguna izaten jarrai lezake gaur egun. Pozalagua kasualitate hutsez aurkitu zuten, Donosa harrobian gertatutako leherketa batek mendian zulo bat ireki ondoren. Antzinako harrobian ateratako minerala aireko tranbia-sistema baten bidez (Bizkaiko azkena, hain justu) eramaten zuten Dolomitas fabrikaraino, gaur egun Industria Ondare izendatua. Euskadin beste inon ezin dira ikusi aireko tranbia mugitzen zuten polea erraldoiak.

Dolomia galdategi handietako labe garaiak estaltzen zituzten adreilu erregogorrak egiteko erabiltzen zen, besteak beste. Adreilu normalak labeetako tenperatura altuekin urtzen ziren, baina dolomiaz egindakoak tenperatura oso altuak jasan zitzaketen, behar bezala tratatuz gero.

Karpin Fauna

Null

Karrantzan, haranaren kokapen geografikoa aintzat hartuta harrigarria badirudi ere, panterak, katamotzak, oreinak, kanguruak, guanakoak, mufloiak eta beste 55 animalia-espezie bizi dira. BBK Karpin Fauna babes-zentroko bizilagunak dira. Animalia hauek ezin dira beren habitat naturalera itzuli: bortizkeria edo ezkutuko ehizaren biktimak dira, eta hemen ingurune seguru batean bizitzeko aukera dute. Koronabirusak eragindako egoera dela eta, edukiera murriztu eta noranzko bakarreko ibilbidea ezarri da. Erreserba egitea komeni da.

Karpin Fauna Armañongo Parke Naturaletik oso gertu dago. Armañongo mendigune karstikoek mikroklima berezia eman diote parkeari. Ondorioz, artadi eta pagadi mediterraneoak hazten dira hemen, nahiz eta Kantauriko itsasertzetik oso kilometro gutxira egon. Armañon naturaren gorespena da, bere baso joriekin eta makina bat haitzulok eta lurpeko trokak osatutako labirintoekin. Hemen selfiak erraz-erraz ateratzen dira!

Xarma nonahi

Null

Etxe hau, ipuin batetik aterata dirudien arren, benetakoa da eta Karrantzan dago. Bera bezalako beste asko daude: magikoak, bitxiak, dotoreak eta istorio harrigarrienak ezkutatzen dituztenak. Indianoek eraikitako etxeak dira. Karrantzan Euskadiko beste edozein lekutan baino askoz ugariagoak dira, Gordexolarekin batera. Izan ere, naturaren oparotasuna ez ezik, ondare historiko, artistiko eta arkitektoniko bikaina du Karrantzak.

Haranean zehar sakabanatutako elizak honen adibide aparta dira, 20 baino gehiago baitaude. Bazenekien Aldeacueva auzoan, natura betean, Mexikoko San Miguel katedralaren erreplika eraikitzen saiatu zirela garai batean? Planoak itsasontziz iristen ziren ozeanoaren beste aldetik eta, arkitektoaren ospea nabarmena bazen ere, bozetoak ez ziren behar bezala interpretatu. Hala ere, emaitza izugarria izan zen: naturaren erdian altxatzen den katedral-itxurako eliza.

Indianoak, masoiak eta tenplarioak, ongileak… Karrantzaren historia ospe handiko izenez eta istorio zirraragarriz josita dago. Bere aztarnak sorpresaz betetako haran honetako bazter guztietan agertzen dira oraindik ere. Karrantza gure esperientzia gidatuen bidez ezagutzea proposatzen dizugu: hemen aurkituko dituzun 11 aukera baino gehiago Bizkaiko haran zabalenaz gozatzeko.


Albiste gehiago