Eusko Jaurlaritzak ostalaritzari emango dizkion laguntzak bideratzeko prest dago Enkartur

2020-11-16

Zerbitzua doakoa izango da eta Enkarterri eta Meatzaldeko establezimendu guztiei eskainiko zaie, erakundeko bazkide izan beharrik gabe.

Enkartur turismo elkarteak doan izapidetuko ditu Eusko Jaurlaritzak ostalaritzari emango dizkion laguntzak hala nahi duten Enkarterri eta Meatzaldeko establezimendu guztien izenean. Ostalaritza funtsezko jarduera ekonomikoa da turismoa garatzeko, eta, beraz, zerbitzu hau nahitaez eskaintzeko beharra daukagula uste dugu, erakundeko bazkide izan beharrik gabe.

Laguntzak 30 milioi eurokoak izango dira. 3.000 euro jasoko dituzte hiru langile baino gutxiago dituzten establezimenduek; 3.500 euro lau eta hamar langile bitarte izatekotan; eta 4.000 euro hamaika langile edo gehiago dituztenek. Eusko Jaurlaritzak 70 milioi euro baino gehiago bideratu ditu pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko; horietatik, 45 milioi ostalaritzara bideratuko dira.

 

Sektoreari aurrera irten laguntzea

Enkarturren lehentasuna hilabete hauetan zehar sektoreari aurrera irten laguntzea izan da. Horretarako, apirilean gure webguneko salmenta-plataforma berritu genuen eta eskualdeko produktuak bidaltzeko gastuak geure gain hartu genituen. Joan den astean berriro jarri genuen martxan ekimena, mugikortasunaren murrizketa berriak indarrean dauden bitartean luzatzeko asmoarekin. [Klikatu hemen gure online dendara sartzeko].

Horrez gain, 'check-in' birtuala egiteko aukera abiarazi zuten Enkarterriko hotel eta landetxeek udan, pertsonen arteko kontaktua murrizteko eta erregistro-prozesua azkartzeko. Enkartur-ek lehenengo bi urteetan ordainduko du zerbitzuaren kuota, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker.

Halaber, elkarteak aholkularitza zerbitzua jada eskaini du Bizkaiko Foru Aldundiak turismo sektoreari laguntzeko onetsi dituen diru-laguntzak tramitatzeko.

2020ko udan, aurreko urtean baino %5 bisitari gutxiago jaso zituen Enkarterrik. Datuok, ordea, aurreikuspen itxaropentsuenak gainditu zituzten, kontutan hartuta erakarpen turistikoek euren edukiera murriztu egin behar izan zutela eta abuztuaren erdialdean koronabirusaren kasuak handitzen hasi zirela berriz ere.

❱ Eusko Jaurlaritzak onetsitako laguntzak eskatzeko, 946 80 29 76 telefonora deitu edo info@enkartur.eus helbidera idatzi. Enkartur-eko bulegoa Balmasedan dago (Martín Mendia, 2).

Albiste gehiago