'Check-in' birtuala eskainiko dute Enkarterriko hotel eta landetxeek

2020-05-13

Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker eskainiko du zerbitzua Enkartur-ek.

Osasun-berme handienak eskainiko dizkie Enkarterrik gurera etortzen diren turistei. Eskualdeko hotel eta landetxeek erregistro telematikoa egiteko aukera emango diete, kontaktu fisikoa minimizatzeko eta denbora aurrezteko. Hala, WhatsAppez edo posta elektronikoz bete eta sinatu ahal izango dituzte euren datuak bezeroek, inolako aplikaziorik deskargatu gabe. Neurri hauez gain, beste hainbat ekimen abiaraziko dituzte Enkarterriko ostatuek sektorea bultzatzeko.

Poli Check-In enpresak eskainiko du erregistro telematikoa eta Enkartur-ek lehenengo bi urteetan ordainduko du zerbitzuaren kuota, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker. Epe horren ondoren, hotel eta landetxe bakoitzak bere kontura zerbitzua eskaintzen jarraitzeko aukera izango du.

Ekimen hau koronabirusari aurre egiteko prebentzio-neurrietako bat da. Erregistro telematikoaz gain, garbiketa eta desinfekzio-protokolo zorrotzak jarraituko dituzte eskualdeko establezimenduek, aforoa murriztuko dute eta espazio komunak gogoki zainduko dituzte.

Sektorea berrabiarazten

Enkarterriko sektore turistikoak urteak zeramatzan errekorrak hausten. Orain, bat-batean, erabateko geldialdi bati aurre egin behar izan du. Une zail hauetan sektoreari laguntzeko, eskualdeko indargune nagusiak balioetsiko ditu Enkartur-ek, hots, aglomeraziorik gabeko eta biztanleria-dentsitate txikiko lurraldea izatea, hiritik nahiko gertu baina natura berean dagoena.

Gertutasun-turismoak eta egun bateko txangoek sektoreko euskarriak izaten jarraituko dute Enkarterrin, baita landa-ihesaldiak ere. Euskaditik kanpo, Madril eta Katalunia dira eskualdeko merkatu nagusiak. Familia- eta kirol-turismoa sustatzeko, laster plan-sorta eta bizikleta-ibilbide berriak aurkeztuko dira, segurtasuna ardatz harturik.

Albiste gehiago