Aliron! Meategietako oihuaren bila

2020-07-02

Kondairak dio Athletic-en garaipenak ospatzeko abesten dugun oihua Trianoko Mendietan jaio zela: Alirón! “All iron” antzeko zerbait oihukatzen zuten meatzariek burdin hutsa agertzen zenean, ordainsaria jasotzeko asmoz. Ez dakigu egiazko kontaketa edo hiri-mitoa den, baina, dena dela, meategietako oihartzunak bizirik dirau esamolde honetan eta Meatzaldeko paisaiak moldatzen dituzten panoramika harrigarrietan.

Euskal industriaren jaiolekuan gaude, antzinako aire zabaleko meategietan, hain justu. Aberastasun mineralek inguruko herriak eta paisaiak erabat eraldatu zituzten, ezagutezinak bihurtu arte. La Arena hondartza dugu horren erakusgarri: gaur egun Bizkaiko bigarren hondartza luzeena da, baina duela mende bat eskas Europako aireko tranbiarik handiena bere dunen gainetik igarotzen zen.

Enkarterriko industria-erraiak deskubritzera gonbidatu nahi zaitugu oraingo honetan.

Null

Antzinako aireko-tranbia La Arena hondartzan.


Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Meatzaldeko gune nagusietako bat da, bisitatu beharreko bazterra. Concha II meategiko ikuspegi zirraragarrien aurrean, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak gaur oroimena baino ez den mundu batera garamatza. Iragan horrek izugarrizko panoramikak laga dizkigu eta lurralde honen nortasuna definitu du.

Meategien eta lurraren erraietan bizitza galdu zutenen memoria bizirik mantentzen du museoak, Abanto-Zierbenako Gallarta auzoan kokatuta. Europako Meatze-tresna eta erreminten bilduma handienetako bat du. Bere xedea Euskadiko meatzaritzaren kultura eta historia ikastea eta zabaltzea da.

 

Meatzarien herrixka

Null

La Arboledako meatzarien herrixka Europa osoan hobekien kontserbatuenetako bat da.

Meatzaritzak erabat aldatu zuen bertakoen eguneroko bizitza. Trapagaraneko La Arboleda auzoan Europa osoan hobekien kontserbatuenetako meatzari-herrixka bat dago. Herrixkak erabat berritutako eta bisita daitekeen etxebizitza du. Jatorrizko eraikuntza horiek azkar eraikitako barrakoiak ziren, baina denboraren poderioz etxebizitzak hobetu ziren eta auzoa ospitale, eliza, eskola eta abarrez hornitu zen.

La Reinetako funikularrak handik kilometro batera baino gutxiagora utziko zaitu. Bidaian zehar, aire zabaleko aztarnategiek eraldatutako panoramikak ikusiko dituzu. Meategiak eremu berdeez inguratutako putzuak dira gaur. Gunea zidorrez josita dago eta zoragarria da aire zabalez gozatzeko.

 

La Arena hondartza

Null

❱ Ikuspegiak Itsaslurretik.

Enkarterrik eta itsasaldeak bat egiten dute Muskiz eta ZierbenanLa Arena hondartza bi udalerrietako kostaldean zehar hedatzen da. Bizkaiko bigarren hondartza luzeena da eta, toalla eta bestelako hondartza-tramankuluak hedatzeko sekulako gunea ez ezik, espektakulu izugarria eskaintzen digu: itsasaldien atzera-egitea.

Orduantxe aurkituko ditugu, dunen azpian lurperatuta, desagertutako aire-bidaiaren oinarriak. Tranbiak burdin minerala garraiatzen zuen La Arboledatik Campomareko garbitegietaraino. Europako luzeena izan zen, 8 kilometrorekin.

Ia kilometro bateko luzera izanik, La Arena ezin hobea da uda honetan eguzkiaz eta urez aglomeraziorik gabe gozatzeko. Hondartzako ur korronte bortitzek surfa praktikatzeko leku gogokoenetako bat bihurtu dute hareatza azken urteotan. Izan ere, mundu osoko surflariak honaino etortzen dira olatu haserrenak hartzera. Surfa haiek bezala menperatu nahi baduzu, La Arena Surf Center-en behar duzun guztia irakatsiko dizute.

 

Itsaslur

La Arena hondartzak eskaintzen duen itsasaldien atzera-egitea Kantauriko labarren ertzetik bihurka doan Itsaslur pasealekutik primeran ikus dezakegu. Aukera bikaina da itsasertzeko haizeaz gozatu nahi dutenentzat hareaz lohitu barik.

Baina Itsaslur ez zen beti izan gaur egungo pasealeku lasaia. Garai batean, Euskadiko meatze-barruti handienetako bat izan zen. Ibilbidean zehar agertzen diren aztarnek meatze-prozesuaren urrats guztietatik gidatzen gaituzte, erauzketatik ontziratzera arte: kiskalketa labe zaharrak, antzinako meatze-trenbidea, El Castillo karga-lekuko aztarnak, Josefa meategia eta La Galernako tunela, besteak beste.

Null

Ibilbidean meatze-aztarna ugari aurkituko ditugu.

Albiste gehiago