Pandemia aurreko bisitari kopurua berreskuratu dute Enkarterrik eta Meatzaldeak

2021-09-02

Pandemia aurreko bisitari kopurua berreskuratu dute Enkarterrik eta Meatzaldeak uda honetan. Eskualde bieko ostatuek eta baliabide turistikoek aparteko 'zenbakiak' lortu dituzte uztailean eta abuztuan. Enkartur turismoa sustatzeko erakundearen kide diren hotelek, landetxeek eta apartamentu turistikoek % 95eko okupazioa izan dute batez beste (aurreko urtean % 70ekoa izan zen).

Atrakzio turistikoei dagokienez, igoerak orokorrak izan dira. Karrantzako BBK Karpin Faunak, esaterakoa, 2019an baino % 42,25 bisitari gehiago izan ditu uda honetan. Horrela, animaliak hartzeko zentroa Bizkaiko baliabide turistiko nagusietako bat bilakatu da.

Galdamesen, Loizaga Dorreko bisitarien kopurua % 39,88 hazi da 2019ko udarekin alderatuta. Bestalde, El Pobal burdinolak eta Muñatones gazteluak 2019an baino % 5 bisita gehiago izan dituzte. Datua oso positiboa da, kontuan hartuta bi museoek aforoa nabarmen mugatu dutela. Balmasedan, La Encartada Fabrika Museoak pandemiaren aurreko udako bisitari kopurua hobetzea lortu du, % 57ko igoerarekin.

Hala ere, Karrantzako Pozalaguako kobazuloak ezin izan ditu 2019ko zifrak gainditu, aforo muga oso zorrotzak baititu. Hala ere, paserik gehienak agortu egin dira, nahiz eta 10 pertsonara mugatuta egon (80 pertsonak parte hartzen zuten aurretik bisita bakoitzean).

 

Euskaditik kanpoko bisitari gehiago

Bestalde, 2021eko udan, Euskaditik kanpotik etorritako turisten kopurua % 50etik gorakoa izan da lehen aldiz. % 31 Madriletik datoz, eta ondoren Kataluniatik ( % 21), Gaztela eta Leondik, Valentziako Erkidegotik eta Andaluziatik. Turista atzerritarren kopurua, berriz, % 5ekoa izan da (2020an % 4koa izan zen).

Albiste gehiago