Bilboko Plaza Barrian izango da Enkarterri larunbatean azoka batekin

2019-05-02

11:00etatik 15:00etara

Enkarterri Bilboko Plaza Barrian izango da larunbatean -maiatzaren 4an- azoka batekin. Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 15:00etara bisitatu ahal izango da. “Kaixo, Enkarterri” turismo-kanpaina aurkezteko eta eskualdeko sekretuak ezagutarazteko eguna izango da. Gure eskaintza turistikoa ez ezik, Enkarterriko jangai onenak aurkitzeko aukera izango duzue Bilboko erdigunean: ogiak eta gozokiak, gaztak eta esnekiak, eztiak, txakolinak, garagardoak, bermutak, artisau produktuak...

Enkarterrira bertaratzen diren turisten erdia Euskadiko gainontzeko tokietatik datoz. Horrexegatik eskualdeko harribitxi ezagun eta ezezagunenak partekatu nahi ditugu gertuko herrikideekin. Esaterako, Pozalagua kobazuloa edo Loizaga Dorrea, Europako Rolls-Royce bildumarik handiena.

"Kaixo, Enkarterri" kanpaina Bizkaiko eta Kantabriako beste udalerritara eramango du Enkartur-ek hurrengo hilabetetan. Hurrengo geltokia, nolanahi ere, ExpoVacaciones azoka izango da, Barakaldoko BEC Bilbao Exhibition Center-ean izango dena maiatzaren 10 eta 12 bitartean. Turismo arloko topagune nagusietako bat da azoka. Uda ostean, Bartzelonako Mercat de Mercats izango da Enkarterri, nazioarteko turistak erakartzeko asmoz. Horretarako, sustapen materiala ingelesera itzulia izan da aurten.

Enkarterrik turismo errekor berria hautsi zuen 2018an, %5 turista gehiago erakarri baitzuen. Aurtengo lehenengo lau hilabeteak oso onak izan dira ere. Enkartur-eko bazkideak diren ostatuek %100eko okupazio maila izan zuten Aste Santuan Balmasedan, eta eskualdeko gainontzekoek %90 gainditu zuten.

Albiste gehiago