Poliki jateko lurraldea

2019-09-04

Tolosako babarrunak, Gernikako piperrak edo Gipuzkoako sagardoak xelebreak dira Euskadin; ba al dute, ordea, halako osperik Enkarterriko produktuek? Anitzak eta kalitatezkoak dira gure eskualdeko jangaiak. Sariak irabazi dituzte gure mugetatik kanpo eta, pixkanaka, jatetxe onenetako kartetan zabaltzen ari dira.

Zallako tipula morea adibide aparta dugu. Ezaugarri ezin hobeko (gozoa, ez oso mina eta mamitsua) erraboil hau gustu ona eta dibertsitatea sustatzen dituen Slow Food elkarte gastronomikoko kide da. Enkarterriko plater sendoenari kutsu berezi hori emateko ezinbesteko ongailua dela diote. Balmasedako indaba eltzeaz ari gara, noski.

Eskualdeko gastronomia ezagutzeko abiapuntu tinkoa da eltzea. Leongo ikatz-meategiak eta Bilbao arteko ibilbide neketsua egiten zuen La Robla trenbideko langileek perfekzionatu zuten errezeta. Makinaren lurrunaz baliatuz, gorputza berotu eta indarrak berreskuratzeko hain aproposa den plater hau prestatzen zuten suginek.

Enkarterriko produktu bikainenak batzen dira jatorrizko egosketa teknika antzeratzen duen eltzeko batean (putxera delakoa): piperrak, saiheskia, urdaia, txorizoa, Sopuerta edo Gordexolako odolki xelebreak... Pazientzia pixka bat izan beharko duzu, egosketa hainbat ordutan zehar luzatzen baita ikatzeko su txikian. Nolanahi ere, pena mereziko du itxaronaldiak emaitza dastatuz gero.

Mila eratara alaitu ahal izango duzu egotaldia. Esaterako, eskualdean egiten diren vermoutha edo artisau garagardoekin. Baita XIII. mendetik Enkarterrin ekoiztua izan den txakolinarekin ere.

Ogiak, eztiak, gozogintza... Baserrietako errezeta tradizionalak belaunaldiz belaunaldi gorde ditu Enkarterrik mendeetan zehar, gure ahosabaien gozamenerako. Bi adibide: egurrezko labean egiten den Galdameseko ogia, jatordu on ororen derrigorrezko osagarria. Edo Karrantzako pastak eta postreak, bertoko gozogileek betiko erara egiten dituztenak, gehigarri eta kontserbagarririk gabe.

Aipagarriak dira eskualdeko esnekiak, Europan euren kalitateagatik sarituak izan direnak. Karrantzako esnea, esaterako, talde-lanaren adierazle aparta dugu, berrogeita hamar baserrien arteko elkarlanaren emaitza baita. Eskualdeko ardi latxek, halaber, eguneroko plazer txikiak ematen dizkigute: gurinak, gaztak eta bestelako asko.

Tradizioa eta modernotasuna

Berrikuntza eta azken joeren aldeko apustua egin du eskualdeak ere azken urteotan, arrakasta nabarmenarekin. Kaitxok Balmasedan egiten duen karamelizatutako pistatxozko txokolate zuria munduko onenen artean aukeratu zuten azaroan Florentzian izandako International Chocolate Awards sarietan. Txokolateak ez ezin, espezialitateko kafeak txigortzen ditu enpresa honek ere.

Oroz gain, anitza da Enkarterriko gastronomia. Kantauri Itsasora zabaltzen da eskualdea Muskiz eta Zierbenan. Zierbenako portuan sekulako arrain eta itsaskiak dastatzeko aukera dugu, txingarretan erreak. Hegaluzeak protagonismo berezia du eta mila eratara prestatzen dute bi herrietako marinel-giroko jatetxeek.

Sekulako eskaintza gastronomikoa osatzen dute lurraldeko tradizioek, azken joerek eta zapore bereizgarrienek. On egin!

 

Albiste gehiago