Enkarterri, ikusi beharreko eskualdea

2019-07-13

Dozenaka produkzio filmatu dituzte eskualdeko kokalekuetan azken urteotan, Enkarterri Film Commission, hainbat erakunde eta herritarren ahaleginei esker.

Ikusi beharreko lurraldea da Enkarterri. Ez da hitz egiteko modua: dozenaka produkzio filmatu dituzte eskualdeko kokalekuetan azken urteotan: film luzeak, laburrak, bideoklipak, iragarkiak, argazki saioak... Ez da ustekabean gertatu: Enkartur-ek Enkarterri Film Commission delakoa abian jarri zuen duela hiru urte. Bulegoak Bilbao Bizkaia Film Commission-ekin lan egiten du filmatzeak eskualdera erakartzeko. Mota guztietako grabazioak izan dira gurean ordutik ona.

Aktoreen Batasunaren eskutik aurkeztu zen Enkarterri Film Commission-a Madrilen. Sindikatuak urtero ospatzen dituen sarien galan jakitera eman ziren gure eskualdean grabatzeko abantailak: Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen dituen zerga-arintzeak, 48 ordutan tramitatutako baimenak eta deskontu bereziak hotel eta jatetxeetan, besteak beste. Horrez gain, beste inon aurki daitezkeen kokalekuak ditu Enkarterrik, Bilbotik oso gertu.

Zallako Ibarra Hotelean grabatu zuten lehenengo filmetako bat; Iker Francoren Ciclos laburmetraia, hain justu. Guadalupe Lancho (Amar es para siempre), Aitor Luna (Velvet, Los hombres de Paco) edo Itziar Lazkano (La Duquesa, Vaya Semanita) bezalako aktoreek parte hartu zuten. Telesail zaleek oso ondo ezagutzen dute antzezle-zerrenda, azken urteotako produkzio arrakastatsuenetan lan egin baitute, telebistan zein zineman.

Errementari (2017) filma El Pobaleko burdinolan filmatu zen eta zazpigarren artea behin-betiko ekarri zuen eskualdera. Paul Urkijoren opera prima euskal folkloreko beldurrezko kondaira batean oinarrituta dago eta Goya sarietarako proposatu zuten efektu berezien kategorian. Halaber, bost aipamen lortu zituen Utahn (Estatu Batuetan) ospatzen den FilmQuest fantasia eta zientzia-fikziozko zinema jaialdia entzutetsuan.

Thrillera Alonsotegin

Grabazioak azkar ugaldu ziren 2018an. Koldo Serraren 70 binladens thrilleraren amaiera Alonsotegin filmatu zen, sekulako antzezle zerrendarekin: Emma Suárez eta Nathalie Poza –emakumezko aktore onenaren Goya sariaren irabazleak–, Hugo Silva eta Bárbara Goenaga, besteak beste. Serrak Gernika zuzendu zuen bi urte lehenago eta, azaldu zuenez, filmaren eszena batzuk Gordexolako etxe batean grabatu ziren.

Karrantzako Karpineko jauregia El fin de todas las cosas (Norma Vila) laburmetraiaren eszenatoki nagusia izan da, azken hilabeteetan filmatua. Lehenago, ¿Quieres que hoy te bese? filma laburra grabatu zuten Iker Arce eta Miriam Ortegak Balmasedako Santa Clara parkean eta Mendia eskoletan. Enkartur-ek esakera gehiago jaso ditu eta hurrengo hilabetetan filmatze gehiagoren berri emateko aukera izango dugu.

Albiste gehiago