Arte galeria bilakatu da Balmasedako Horkasitas jauregia

2019-11-14

IkasArt unibertsitateko arte-topaketa ikusgai izango da jauregian abenduaren 10era arte.

'Noraezean. Artelan grafiko garaikideei buruzko entseguak' izeneko erakusketa Balmasedako Horkasitas jauregian izango da ikusgai azaroaren 12tik abenduaren 10era arte. Europako hainbat herrialdetatik etorritako hogei artisten formatu handiko obrek osatzen dute erakusketa, FIG Bilbaoren jarduera paraleloen barruan antolatu dena. Izan ere, Bilboko Paper Arte eta Grabatuaren Nazioarteko jaialdiak Artelan Grafikoen Euskal Zirkuitua estreinatu du aurten.

Ekimen kultural ibiltari hau hainbat herrialdetan izan da ikusgai dagoeneko, hala nola Polonian, Hungarian edo Ingalaterran. Erakusketa leku ezberdinetako artisten grabatuekin aberasten da egoitza bakoitzean, artelan grafikoari buruzko sentsibilitate eta ikuspuntu ezberdinak gehituz.

David Arteagoitia, Juan Escudero, Zaloa Ipiña eta Omer Zaballa artisten lanak gehituko dira Euskadin FIG Bilbao nazioarteko jaialdiak eta IkasArt-ek sustatutako erakusketa honetara. Proiektua ‘Noraezean, artelan grafiko garaikideak’ talde artistikoaren ekimenaren emaitza da, grabatu eta estanpen arloan proiektu eta ezagutza berriak zabaltzea helburu duena. Horretarako, artelan grafiko garaikideen inguruan narratiba berriak proposatzen dituzte, analisi, esperimentazio eta ikerketa plastikoaz baliatuz.

Nazioarteko lankidetza kultural hau Pragako Kampus Hybernska HYB4 Galerian hasi zen, eta 2020ko azken hilabetetan amaituko da Mexiko Hirian izango den erakusketa batekin.

Albiste gehiago