Mendebaldeko haranak

Natura betean daude Enkarterriko mendebaldeko haranak. Eskualdeko urruti eta bukolikoenak dira. Bere gailur eta basoen artean makina bat ibilbide eta ehundaka leize zabaltzen dira. Errekorrez, sekulako panoramikaz eta sorpresaz beteriko lurraldea da.

Artzentalesen hasiko dugu ibilbidea. Haitz harritsuz inguratutako haran pintoresko hau garrantzi handiko trenbide- bidegurutzea izan zen garai batean. Trenak meategietatik irteten ziren kostaldeko karga- lekuetaraino, haranak zeharkatuz. Aspaldi eraitsi zuten trenbidea eta bere lekuan Burdin Mendien Bide Berdea aurkituko dugu gaur egun. Traslaviña auzoko tren geltokian du hasiera eta Bizkaiko luzeena da, 42 kilometroko luzerarekin.

Bide eta zidorrez beteta dago Enkarterri. Izan ere, eskuz esku doaz eskualdea eta xendazaletasuna. Tejeako basoa Valle de Villaverdeko Kantabriar enklabean dagoeta eremu aparta da naturan murgiltzeko. Pago, haritz eta gaztainondoz jantzitako sekulako parajea dugu. Aspaldi batean basoak eta naturak eguneroko bizitzan erabateko eragina izan zuten. Villaverdeko Zentro Etnografikoak denboran bidaiatu eta iragan hori ezagutzeko aukera eskaintzen digu.

Turtziozek berezko pertsonalitatea eta arkitektura ditu. Hemen Enkarterrin eta Euskadin bakarra den baserri mota aurkituko dugu. Agüera ibaiaren ibilguan agertzen da, Bizkaiko eta Kantabriako ohizko landetxeen ezaugarriak nahasiz. Aurrealdean mutur batetik bestera zabaltzen diren balkoiak ditu, askotan lorez apainduta. Erdi Aroko guden ostean Enkarterrik bizi zuen berpiztearen adierazle da Turtziozeko baserria, eta kutsu bukolikoa ematen dio haranari.

Baselizen ondoan eraikitako zezen-plazak Urrezko Mendeetan bizi izandako oparotasunaren beste adierazletako bat dugu. Korridak meza ostean egiten ziren erromeriak alaitzeko. Ezohiko arkitektura erlijioso honen adierazgarri nagusiak Artzentales, Karrantza, Sopuerta eta Turtziozen nabarmentzen dira. San Antolín multzoak (Artzentales), esaterako, baseliza, zezen-plaza eta askaldegi txiki bat ditu.

Naturaz gozatzeko eszenatoki ezin hobea aurkituko dugu oroz gain Enkarterriko mendebaldeko haranetan. Karrantza eta Turtzioz artean Armañongo Parke Naturala hedatzen da. Parkeko paisaia karstikoek eragindako mikroklima. bereziari esker Mediterraneoko artadi eta pagadiak hazi dira Kantauri itsasotik hamabost kilometrotara besterik ez.

Parkeko gailur eta basoen artean ehundaka leize zabaltzen dira. Askok itzelezko sakontasuna dute eta espeleologo profesionalak baino ezin dira barneratu lurzoruan. Hemen dago, esaterako, La Torca del Carlista, Europako leizerik handiena. Ezagunena, ordea, Pozalagua kobazuloa da, 2013an Guía Repsol-eko txokorik onena hautatutakoa.

Naturaren zirrara beste inon ez bezala azaltzen da Pozalaguan. Ikuskizun bakarra ezkutatzen du haitzuloak: forma imajinaezinak hartzen dituzten estalaktita eszentrikoen pilaketarik handiena. Formazio hauek grabitate-legeei aurre egiten diete itxuraz eta mosaiko liluragarria osatzen dute. Australian baino ez da ematen halako kontzentraziorik.

Lurpeko multzoa harrigarria da. Ibilbideak zutabe, kolada eta aintziren artean sigi-saga egiten du. Kobazuloaren sabaitik estalaktita eszentrikoak milaka eta nahi bezala erortzen dira. Izugarrizko koralezko uharria osatzen dute itxuraz estalaktitek, Lurraren erraietan zehar zabaltzen den baso modukoa.

Kobazuloaren aurrealdean Armañongo Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa dago. Parketxeak Armañongo eta Ordunte mendietako flora eta faunari buruzko informazioa, erakusketak eta erreprodukzioak ditu. Halaber, inguruko haranak eta paisaiak ikusteko behatoki aparta du. Babes Bereziko Gune izendatutako gailur-multzo honetan Zalama edo Balgerri mendi xelebreak nabarmentzen dira, besteak beste.

Kasualitatez aurkitu zuten Pozalagua 1957an, Donosa harrobian gertutako leherketa batek mendia zulatu ostean. Minerala gaur egun Parketxea den lekuan birrintzen zen eta Ambasaguas auzoko Dolomitas Fabrikaraino eramaten zuten aireko tranbia baten bidez, Bizkaiko azkenekoa. Tranbia eskuz mugitzen zuten polea erraldoiak oraindik ere ikus ditzakegu museo bihurtutako lantegian.

Karrantza eskualdeko haranik zabalena da eta natura betean une gogoangarriak pasatzeko aukera anitz gure eskura jartzen ditu. Karpin Faunak berezko habitatera itzuli ezin diren animaliak hartzen ditu, bizimodu duina izan dezaten eta bisitariak animalien aurkako bortizkeriaz kontzientziatzeko. Panterak, katamotzak, oreinak, kanguruak edo guanakoak zelatan bizi dira naturaren itxurazko baretasunaren erdian. Segurutzat jo dezakegu etxeko txikienek primeran pasako dutela.

Karrantzako loriazko iragana nonahi azaltzen da ibilbidean zehar: indianoen etxeetan, eliza eta baselizetan, jauregietan... San Andrés de Biañez elizako Errenazimenduko margoak halabeharrez aurkitu zituzten, tenplua berritzen ari zirela. Langileek erretaula bat desmuntatu behar izan zuten eta orduantxe XV. mendeko fresko izugarria agertu zen. Kantauriar eskualdeko margolan baliotsuen artean nabarmentzen da eta erreserbarekin bisita daiteke.

Lanestosa, Bizkaiko herri txikiena bada ere, hiribildua izan da XIII. mendetik. Denboraren eraginari osorik eutsi dio, interes nabarmeneko lekuetan antzeman dezakegun moduan, hala nola harriztatutako Erdi Aroko kaleetan, balkoi luzeetako etxeetan, Gaztela eta Laredoko portua lotzen zituen zubi zaharrean edota antzinako labe karegilean.

Historiaren lekuko izan da Lanestosa aspalditik. Los Judíos kobazuloaren barnealdean Europako Paleolitoko arteari buruzko lehen interpretazio zentroa dago: Koben
Koba.
Leizea Karlos V.ak Yusteko monasterioraino jarraitutako azkeneko ibilbidetik oso gertu dago.

Enkarterriko mendebaldeko haranek eskualdeko esentziak mantendu dituzte mendeetan zehar. Natura, ondarea eta gastronomia eskuz esku doaz errekorrez, sekulako panoramikaz eta sorpresaz beteriko lurralde honetan.

Columna derecha